XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) beharra asmakuntzaren aurretik zegoen eta hau bultzatzen zuen, nahiz eta txiripazko aurkikuntza baino ez izan.

XIX. mendean norantza aldatu egin zen: orain ikerkuntza zientifikoak ezagupen hutsaren bila aurrea hartu eta berak iradokitzen ditu asmakuntza eta premia berriak.

Bide batez, lortutako asmakuntza berri bakoitzak ikerkuntza zientifikoari eta industri garapenari ate berriak ireki zizkion.

Faraday-ren esperimentu elektromagnetikoek, adibidez, dinamoa eta beste makina elektromagnetikoak sortarazi zituzten, baina hauek beste arazo batzuk plazaratu zituzten eta gizakiak ebazten ikasi behar zuen, zientziari beste galdera batzuk planteatuz.

Maxwell-en uhin elektromagnetikoei buruzko azterketa matematikoek, berrogeita hamar urte geroago, hari gabeko telegrafia eta telefonoa asmatzea eragin zuten, baina hauek ere arazo berriak sortarazi zizkieten fisikariei.

Pasteur-en aurkikuntzak, hau da, hartziduraren, usteltzearen eta gaixotasun asko eta askoren iturria organismo mikroskopiko bizidunak izateak, medikuntzan eta industrian emaitza ugari izan zuen.

Mendel-ek Brno-ko komentuan ilarren herentziari buruz egindako ikerkuntzak zirela eta, landareen gurutzapen eta hazkuntzaren arloan aurrerapen ikaragarriak lortu ziren: gariaren eta beste garauen hobekuntzak; animalien nahiz landareen herentzia gidatzen duten printzipio batzuk ezagutzea eta honek gizakiaren ongizatearentzat sor ditzakeen ondorioak.

Beraz, zientzia artisau-lanaren atoian joan beharrean martxaren buruan jarri zenean aro zientifikoa hasi zela esan daiteke.